XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gorputz zein gogo arazoak ene buruaren ardurapean soilik uzten ditut.

Maila berean dauzkat sailkaturik apezak eta morroiak, hots, gorputz eta gogoaren nagikeriatik bizi diren izakiak hain zuzen.

Ni luxurik gabeko Voltaire nauzu; Bibliarik gabeko Robinson Crusoe; sineskeriarik gabeko eremutarra.

Laburbilduz: nire lasaikeria asketismoa da, eta nire fedea fedegabezia.

Beraz, ez ditut zuen morroiak nekaraziko nire txilinarekin ezta zuek ere nire berbaldiaz.

Bere buruaz arduratzen dakien maizter arrazoiduna nauzue.

Hitzaspertu hau egiten zuelarik, gaizki zegozkion eskularru beltzak erazten ari zen, eta amaitutakoan, zer gerta ere, beraien azpian gorderik egona zen diru papera esku-ahurrean azaldu zitzaion.

- Nire plazer urrietakoa duzu puntualtasuna, jauna -esan zuen.

Utziko al didazu orain edukitzen?

Ordain-agiria bihar eman diezadakezu.

Ez nuke lasai lorik egingo zuk hartu ezean.

Atzamar kolorga eta hezurtsuak luzatu zizkidan, txartela nire eskuan utziz.

Alajaina! ehun liberatako diru-papera zen hura.

- Ez esan, otoi, hitzik orain, jaun agurgarri hori -jarraiki zuen, xaloagotzen zelarik.

Hitzartuaren arabera ari naiz jokatzen.

Laster hobeto ezagutuko bide dugu elkar, eta orduan konturatuko zara beti izaten naizela orain bezain puntuala.

Oraingoz nirekin aski lan hartu duzulakoan nago; beste premiarik ez dut.

Gabon!